Bere diska berria emango du ezagutzera hile bat barru Mr. Pongo Bandek eta kolaborazio berezi bat egin du Glaukomako Juantxo Arakamarekin

Bilboaldea eta Nerbioi ibarraren artean jaio zen Mr Pongo Band 2015.urtean. Ardatz bezala reaggea izan arren, musika estilo ezberdinak uztartzen ditu taldeak, besteak beste, Pop-Rocka edota Funky erritmoekin jolasten dute. Ahots melodia eta DJ scratchen bidez, Hip-Hop doinuez koloreztatzen dituzte abestiak.

Abestien letrei dagokionean, estatua, kapitala edota bizimodu pasiboa ditu inspirazio iturri Mr. Pongo Bandek, esaldi bakoitzaren mezua zorroztuz musikagintzak dakarren aldarri eta protesta egiteko aukerari estu heltzen dio. Eleanitzak dira testuak, euskara, gaztelera, ingelera eta alemaniera uztartzen baititu poesiaren bitartez, beti ere ekintza zuzena garatzeko asmoz.

Irailera begira jarri da zazpi mutilek osatutako taldea -Bittor bateria, Agirre baxua, Arana gitarra, KimoSoundz DJ, Iker tronboia, Iñigo tronpeta eta Markel teklatu eta ahots Nagusia-, hilabete horretan disko bat kaleratzekotan baitaude eta horren aurrerapen abesti gisa aurkeztuko dute Glaukomako Juantxo Arakamarekin batera egindako “Ez Etsi!” kantua.