Arrano Pertxa eta Lengu iluna taldeak bere bideoklip berria aurkeztu du gaur: “Hilda gaudenok”, abenduaren 15ean argitaratutako “Maitasunaren Bilduma” lanean biltzen den kantua.

Arrano Pertxa raperoa eta Lengu Iluna ekoizlea elkarrekin dabiltza 2017 urte geroztik euskarazko rap proiektu honetan. Letra erasokorretan eta Europako hizkuntzarik zaharrenean sekula entzun ez diren gaietan datza bikote honen originaltasuna. Hori guztia Lengu Ilunak sortutako musikaren gainean: G-Folk izendatu duten soinu propioa garatu dute, rap klasikoa eta euskal folklorea uztartuz.

Maitasunaren bilduma euskarazko raparen historiaren diska garrantzitsuenetako bat bihurtuko da zalantza izpirik gabe. Jarrera, originaltasun, hizkera esplizitu eta iparrameriketako 90eko eta 2000. Urteetako raparen une oroko erreferentziei esker berehalako klasikoa izango da.

Gorabehera emozionalen istorioa da bilduma. Arrano Pertxak bizitzako kontu garrantzitsuez eta kontraesanez gogoeta egingo du. Bide horretan maitasuna modu organikoan azaleratuko da, eta familiari, ingurukoei, musikari eta jakintzari dien maitasunean islatuko da edozein belarrik jasan ezingo duen kode oso raperoan.