Taupaka elkarteak 5. urteurrena ospatuko du Durangoko Azokan

 

  • Taupakako erakusmahaian salgai dauden liburu edota disko bat erostearen truke, elkarteko sortzaileen lanen lagin bat bilduko duen bilduma doan jasoko dituzte kulturzaleek
  • Euskal Herriko lau talderen diskoek eta “Euskaldun bat Ipar Korean” liburuak osatzen dute Taupaka elkartearen 2017ko uzta oparoa
  • Gainera, Durangoko Azokak ateak irekitzen dituenetik taupaka.eus webgune berria izango da bisitagai, irudi berri bat ekartzen duenak, modernoagoa, eduki berriekin eta Taupakako lan guztiak deskargatzeko aukera ematen duenak.

2017ko uzta oparoa izan da Taupaka Sortzaileon Elkartearentzat eta hainbat lan ditugu esku artean, lau disko, liburu bat eta hiru maxi, hain zuzen ere. Gaurtik aurrera, kulturzale orok taupaka.eus webgunean du eskuragarri informazio guztia, baina aurrerapen bezala, hona hemen lan berriei buruzko datu batzuk:

Euskaldun bat Ipar Korean izeneko liburuak Kim Jong-un-ek zuzentzen duen herrialdean lehen euskaldunaren bizipenak kontatzen ditu. ERMIÑI IZAK ezizenpean Ipar Korean bizitako unibertsitateko irakasle baten gora beherak kontatzen dizkigu. Munduko herrialde itxienetako bat euskaraz deskubritzeko aukera aparta!

Mr. Pongo Band-ak izen bereko diskoa aurkezten digu. 9 abestik osatzen dute lana; euskara, gaztelera eta ingelesa erabiliz.

Reggae estiloa ardatz hartuta lan indartsua eskaintzen digu bandak beste hainbat erritmo lotsarik gabe uztartuz: rap, pop-rock eta funky doinuak, besteak beste.

Lan fresko bezain gozagarria da, behin eta berriro entzuteko modukoa!

Nizuri Tazuneri Donostialdeko taldeak arau guztiak apurtu ditu “Musika ala Hil” izeneko diskoa sortzean. Izan ere, trapa eta rocka uztartzen ditu 11 abestiz osatutako lanean. Zalantza izpirik gabe, Nizuri Tazuneri guztiz berritzailea da baita hizkuntzak aukeratzean ere, euskara eta japoniera erabiltzen baititu. Entzuteko eta disfrutatzeko bitxikeria bat.

Gatom Bermeoko rap abeslariak KOSTAKO VIBES lana aurkezten du. 14 abestiz osatutako diskoan euskal sentimendua eta bertako mitologia uhin lasai eta baikorrekin uztartzen ditu. Bare-bare entzuteko moduko lana!

 Atzekabe taldeak “Gure Bidea” izeneko diska kaleratu du aurten. Bederatzi abestiz osatutako lana da eta estilo ezberdinak uztartzen ditu, erritmo oso dantzagarriak eta indar askokoak bilduaz. Taldearen ezaugarri den Rock estiloa nabari da lan honetan, beti ere, filosofiatzat duten trikitixa gailenduz.

 Zer da TAUPAKA SORTZAILEON ELKARTEA?

Taupaka Elkartea diziplina anitzeko sortzaileek kudeatutako elkartea da. Bi dira helburu nagusiak: kultura askea eta sortzaileek eurek egindako lanak zabaltzea. Horregatik Taupakak lizentzia askeak erabiltzen ditu eta kultur kudeaketa gardena defendatzen du. Ez ahaztu Taupaka elkartea dela eta ez enpresa pribatua.