Nerea Martija Apraizek, Pedagogia eta Magisteritzako Lehen Hezkuntza ikasi zituen. Santanderren Hezkuntza Emozionala, Soziala eta Sormena Graduondoa burutu zuen. Bihurrikerien eta sorpresen munduan murgildu zen lehen aldiz 2013an, bere auzoko, Santutxuko, plazan pailazoz aritu zelarik. Esperientzia horrekin liliraturik, gutxira Sudurkeriak eta Puski eta Txurruski taldeetako kidea bilakatu zen. Hortik aurrera, umorez eta bizipenez bete du bere motxila. Hau da argitaratzen duen lehenengo liburua. Txikitatik ameslari, aspalditik da irakasle eta ipuin kontalari.

Klikatu irudian liburuaren fitxa ikusteko!

Klikatu irudian liburuaren fitxa ikusteko!

Nahia Iglesias Pamparacuatrok, Arkitektura teknikoaren munduan burutu zituen ikasketak, plano eta kalkuluak pintzel eta akuarelekin partekatuz. 2016ko udazkenean bidaiari ekin zion Amerikar kontinentetik eta horrela jaio zen Marrabilla proiektua; bidaian, marraren bila, Marrabila. Bideko pertsona, txoko eta momentuen ilustrazioez betetzen doa motxila; kolorez eta bizipozez beterik. Teknikari dagokionean akuarela nagusitzen da Marrabillaren lanetan, tinta, grafitoa, koloretako arkatzak… eta bestelako teknikez konbinatuz.

2021.urtean elkarrekin bide bat zabaltzeari ekin zioten sortzaileak, eta bion esperientziak eta grinak uztartuz, “TTIPI TTAPA” liburua sortzeko hautua hartu zuten, haurrentzako zuzendutako liburua. Honetan, Nereak arduratu egin da liburuaren istorioaz eta Nahiak, aldiz, liburuan aurkitu ditzazkegun ilustrazio denak sortu ditu.

“Izarrek jakinmina handia zuen,

 baina batzuetan ahots zelatarien matrakak entzuten zituen…

 Amamari esker, beldurrekin aurrera egiten ikasiko du Izarrek!”

Bidean topatu ahal ditugun oztopo eta beldurrei aurre egiteko deia egiten du liburu honek. Ume baten ausardia abiapuntutzat hartuz, familiaren garrantzia eta autoestimua landuko dira ipuin honi esker.

Letra larriz idatzitako liburu hau hiru urtetik aurrerakoentzat pentsatuta dago. Gainera, liburuan zehar hainbat galdera edota proposamen agertzen dira umeei helarazteko. Honek, umeen bizipenak edota iritziak partekatzeko aukera emango digu.