Bizkaiko zazpikoteak hainbat zailtasun gainditu ondoren, gogo handiz aurkezten dizue beraien lehen lan diskografikoa. Taldearen izen bera du aurkezpen diskoak, ‘Mr. Pongo Band’, eta dantza eta aldarrikapena barnebiltzen ditu bere hogeita hamar minutuko energia deskargan.

Funk eta ska doinu eta erritmoetatik abiatzen bada ere, lan hau beste hainbat generotatik ere pasatzen da. Rapeo eta rockeoak entzun daitezke besteak beste, eta jamaikar soinuak, azken finean “reggae-a daramagu bihotzean” adierazten baitute harrotasunez. Hau dena hainbat hizkuntza desberdinen aberastasunaz, izan ere diskoan euskara, gaztelera, ingelesa, alemanera eta frantsesa ere entzun ahalko ditugu.

Zazpi kidek osatzen dute Mr. Pongo Band. Bittorrek bateria jotzen du eta deejay lanetan KimoSoundz aritu da. Baxu elektrikoa Agirrek grabatu du eta gitarra berriz, Aranak. Haize atalean, Pipo eta Iker ditugu, Pipo tronpetarekin eta Iker tronboiarekin. Eta Markelek teklatu eta sinteak grabatu ditu, kantuetako ahots nagusiaz batera.

Kolaborazioei dagokionez, diskatik hiru lagun pasatu dira, bakoitzak bere nortasunarekin, berez oso koloretsua zen lan honi are bizitasun gehiago ematera. Horrela, lehen kantuan bertan, Ane Legarreta abeslaria aurkituko dugu, Askatasun Garrasia izeneko abestian. Fight The Power kanta indartsuan Gorka Suaia aritu da bere ekarpena egiten. Eta kolaborazioen atala amaitzeko, Ez Etsi! kortean Juantxo Arakama gonbidatu dute bere ahots potenteaz gozatzeko.

2017ko apirila eta maiatza artean grabatua izan da Arturo Castañeda teknikariarekin Arrigorriagako MAR24 Estudioan, eta nahasketa eta masterizazioa maiatza eta uztaila bitartean egin dute, Arturo teknikari eta taldearen artean. Bestade, lehen diska honen diseinua Oihane Zunzunegi eta Mr. Pongo Band taldeak egindako lana izan da.

Lan freskoa dugu esku artean, hainbeste denbora eta buruhauste igaro ondoren, harrotasunez beteta aurkezten dutena Mr. Pongo Band taldeko kideek. Lan indartsu eta gozagarria, behin eta berriro entzuteko modukoa!

deskargatu