Maisha MC (Barakaldo, Bizkaia, 1986) Euskal Herriko artista multidisziplinarra da: musika ekoizlea, DJ-a, euskal rap abeslaria eta zinemagilea. Euskadi Irratiko eta ETB1-eko kolaboratzailea ere bada.

2018. urtetik, Maisha MC Kalifornian bizi da, San Frantzisko hirian.

Lehenengo urratsak musikan (1992-2000)

Maisha MC Barakaldoko familia xume batean jaio zen. 6 urte zituelarik, bere ikastetxe publikoko irakasleak Maisha MC-ren amarekin kontaktatu zuen, bere semeak musikarako trebezia berezia zuela esateko. Geroztik musika klaseak hartzen hasi zen. 12 urterekin, bere lehenengo rap kantak grabatu zituen lagun batzuekin, kalean, familiaren cassette grabatzaile zahar batekin. 14 urterekin, lehenengo mixtape-ak grabatzen hasi zen orduan Barakaldon modan zegoen musika elektronikoko kanta ezagunekin (Jazzberri, Skorpia, Pont Aeri, Chasis). Grabatutako zintak eskuz-esku hedatu ziren eta arrakasta handia izan zuten bere auzoan.

Bere musikaren garapena (2000-2007)

19 urterekin, Maisha MC-k ska musika talde bat sortu zuen, Skalea, Barakaldoko kontserbatorioko musikariekin batera. Talde honekin hainbat kontzertu eman zituen. Baina laster bueltatu zen hip hop kantak idaztera, ska musika alde batera utzita. 2007. urtean grabatu eta argitaratu zituen bere lehenengo kantak: Intro, Eklipsea, eta Ibtisamah. Kanta hauek euskaraz grabatu ziren. Maisha MC-ren euskararekiko konpromisoa oso estua izan da betidanik, nahiz eta ingurugiro erdaldun batean jaio eta hazi. Bere aitite Ermiñi Iza, gudaria zen, baita Barakaldoko lehenengo euskara irakasle klandestinoa frankismoan. Maisha MC-k ez zuen bere aititea ezagutu, baina berarengan influentzia handia izan zuela adierazi du hainbat elkarrizketetan.

121 krew eta euskarazko rapa (2006-2016)

2006. urtean, 121 krew-ko Endika Lahaine ezagutu zuen, eta handik gutxira abesti bat grabatu zuten batera, eta kontzertuak ematen hasi ziren, Aritz Sound System, Selektah Kolektibo taldearen sortzailearen gidaritzapean. Bertso hop kontzertuak ematen zituzten garai hartan, euskarazko hip hopa eta bertsolaritza fusionatuz.

2007. urtean lehenengo hip hop musika ekoizpenak egin zituen. Garai honetan 3 diska grabatu zituen 121 krew taldearekin: Guztiok Bat… Euskal Rap! (2009), Hiriaren Taupadak (2011) eta Mahatsen Denbora / Azken Afaria (2016). Urte hauetan beraien kanta Gora Baraka, Behera Neguri! oso ezaguna egin zen Euskal Herrian. 200 kontzertu baino gehiago eskaini zituen, Manu Chao, Violadores del Verso, edo Tote King bezalako artistak teloneatuz. 2012. urtean, Mondosonoro musika aldizkariaren arabera, “121 krew euskal raparen errege ziren, Norte Apache eta Kodigo Norterekin batera”. Esne Beltza taldearekin ere kolaboratu zuen zenbait zuzenekotan rapeatzen baita kanta bat grabatzen beraien Freedom diskarako. Break on Stage hip hop festibal handiaren aurkezlea ere izan zen 2012. urtean. 2014. urteaz geroztik Maisha MC Taupaka elkarteko kidea da.

2015. urtetik, Maisha MC Erresuma Batuko Cambridge hirira joan zen bizitzera. 2016. urtean 121 krew rap taldeak amaiera eman zion hamasei urteko ibilbideari, Mahatsen Denbora / Azken Afaria disko bikoitza kaleratuz. Diskoaren 150 ale baino ez zituzten kaleratu, eta horietako bakoitzarekin taldearen azken kontzerturako sarrera bat jasoko zuen erosleak. Urriaren 15ean izan zen kontzertu hori, Bilboko 7 Katu gaztetxean.

Euskal Herriko hip hop, elektro eta dubsteparen erreferentzia bihurtu zen garai horretan. Euskaraz rapeatu eta inprobisatu zuen MC gutxietariko bat, eta Euskal Herrian dubstep ekoizten lehenengoetarikoa.

Patrol Destroyers eta musika elektronikoa (2011-2017)

EDM eta dubstep musika elektronikoen doinuak asko erakarri zuten, eta 2011. urtean 121 krew-ko Hawa DJ eta Rufoh Beatbox kideekin batera, Patrol Destroyers taldea sortu zuen. Patrol Destroyers-ek EDM eta dubstep musika jorratzen zituen, euskaraz batez ere, eta Euskal folklorearekin fusionatuz ere jolasten zuten. Patrol Destroyers DJ bezala, 50 kontzertu baino gehiago eskaini zituen, Bartzelonan eta Paris-en besteak beste. Beraien zuzenekoak oso bortitzak ziren, eta bideoklipak apurtzaileak. Party and Borroka terminoa zabaldu zuten. 2012. urtean Maisha eta Hawa DJ eta ekoizleek NASTY BILBAO estudioa zabaldu zuten ZWAP (Zorrozaurre Art Work in Progress) kolektiboaren bitartez, euskarazko rapa eta Euskal Herriko elektronika bultzatuz. Garai honetan hainbat artistentzako musika ekoiztu zuten, Gose, Norte Apache, Norzzone edo Oliba Gorriak taldeentzak, besteak beste.

2016. urtean, Kyata Chibalabala Zambiako DJ-arekin batera Pink Mangoes taldea sortu zuen, eta bikote bezala hasi ziren pintxatzen Cambridge hirian hainbat alditan, Afrikako musika, Euskal Herriko musika eta elektronika fusionatuz.

Komisario artistikoa: ekitaldien antolakuntza eta ekoizpena (2012, -)

Hiru urtez (2012-2015), ZAWP-eko partaidea izan zen, hainbat musika ekitaldi antolatuz (Berta BitterSweet edo Askapen Sound Systema, esate baterako). LORALDIA jaialdiaren programatzailea izan zen bi urtez (2016-2017) “BILBRONX: Kalea in da house!”, kaleko arteen festibalaren zuzendari, diseinaitzaile eta antolatzaile. Hip hop artista internazionalak (Icykal, Layiee) ekarri zituen, artista lokalekin batera (Nizuri Tazuneri, EH2000 eta Laize) jotzera. Ile aipantzaileak eta tatuatzaileak gonbidatzen zituen ekitaldi hauetara, London edo Berlin hirietan ikusitakoak influentziaturik. DSS2016 (Donostia San Sebastián 2016, Europako Kultur hiriburua) komisario artistikoa izan zen, street tARTar festibalaren diseinatzailea eta antolatzailea, 2015-2016.

Zinema eta bideoklipak

5 bideoklip zuzendu ditu Maisha MC-k, baita 5 laburmetraiatan parte hartu ere. Guztira, bere bideoek 30.000 bisita baino gehiago dituzte Youtube-n.

2015. urtean, Escuela de Cine del País Vasco (ECPV/EHZE) Euskal Herriko Zinema Eskolan, laburmetraien zuzendaritza ikasi zuen. Bi urte geroago, London Film School-en Visual Storytelling ikasi zuen, Josh Appignanesi zinema zuzendari britainarra bere irakaslea zelarik.

Irratia

(2010 – gaur egun) EiTBko, hain zuzen Euskadi Irratiko “Faktoria” programaren kolaboratzailea da. Hasieran Dj Makala-rekin batera musika aukeratuz, eta geroago irrati esatari bezala Irati Andarekin. Gaur egun bakarka dihardu “Arts & Science” atalarekin.

(2007-2009) Tas-tas Bilboko irrati librearen kolaboratzailea izan zen “121 ahotsik gabekoen ahotsa” irrati saioan, non kaleko albisteak rap doinuan jorratzen diren.

Bideoa

Hurrengo kontzertuak

Diskografia