Bi artista hauek Madril eta Bilbo batuko dute beraien hiphop-reggaearekin, zapatisten ordezkaritzak Europan egingo dituen birako bi geldialdirekin.

Bizitzaren aldeko Biraren Europako etorrera dela eta, Horazzek eta Suaiak Ya Vienen abestia konposatu dute ongietorria eman eta egonaldiari soinu banda jartzeko. Abesti honek, letraz gain modu kolektiboan sortutako bideoklipa ere badauka, zapatisten bizi-birari laguntzen eta hura antolatzen parte hartu duten jarraitzaile eta kolektiboek grabatutako irudietatik abiatuta.

Joan den ekainaren 18an, Ozeano Atlantikoa zeharkatuz 47 eguneko zeharkaldia egin ondoren, Vigora iritsi zen lehen ordezkaritza zapatista, eta orain, irailaren 14an, Ejército Zapatista de Liberación Nacionaleko (Askapen Nazionaleko Armada Zapatistako) ehun kide baino gehiago Vienara iritsi dira,  Europako Biraren hasiera puntura hain zuzen ere. Mugimendu politiko, sozial eta iraultzaile gisa jarduten duen EZLNk, bizitzaren aldeko bira egingo du Europako 20 herrialde baino gehiagotan, esperientziak eta borrokak partekatzeko eta kontinentearen zati handi bateko herri-mugimenduekin sareak eratzeko helburuarekin.

Harrera musikatu bat emateko asmotan, Horazzek eta Suaiak hiphop-reggae klabean konposatu dute abesti hau. Mugimendu zapatistak ekartzen digun errebeldia hazia lorarazteaz eta kapitalismoaren biktima diren lurrak eta gizaki orok jasaten dituzten minak gure egiteaz hitz egiten digu abesti honek,  “sistema honen irakaskuntzetatik desikastea” proposatzen digute.

Hiru hizkuntza nahasten dira abesti honetan: errumaniera, euskara eta gaztelania. Madrilen bizi den errumaniar jatorriko rap artista da Horazz, eta musika ekoizpenaz arduratu da, Raúl Garcíaa Guillén gitarraren laguntzarekin. Suaia, Suaia eta Ama Rebel reggae taldeko abeslaria, abestiaren ahotsak osatzen ditu.

Nahasketa eta masterizazioa Ibon Larruzea soinu ingeniariak egin du Bilboko Euridia estudioan. Azkenik, Biran parte hartu duten jarraitzaileek eta kolektiboek bideoklip kolektibo bat egiteko irudiak jarri dituzte, Europako bira zapatistari ongietorria emateko.