Euskal musika eboluzionatzeko bere sormena topera jarri du Maisha MCk. Alboka eta trap-a, Txistua eta West Coast whistle (Dr. Dre-k popularizatu zuena), Oteizaren ahotsa eta NASA-k Marten grabatutako haizeak nahasten ditu diska honetan, besteak beste.

Maisha MC (Barakaldo, Bizkaia, 1986) Euskal Herriko artista multidisziplinarra da: musika ekoizlea, DJ-a, euskal rap abeslaria eta zinemagilea. Euskadi Irratiko eta ETB1-eko kolaboratzailea ere bada.

Maisha MC Barakaldoko familia xume batean jaio zen. 6 urte zituelarik, bere ikastetxe publikoko irakasleak Maisha MC-ren amarekin kontaktatu zuen, bere semeak musikarako trebezia berezia zuela esateko. Geroztik musika klaseak hartzen hasi zen. 12 urterekin, bere lehenengo rap kantak grabatu zituen lagun batzuekin, kalean, familiaren cassette grabatzaile zahar batekin.

19 urterekin, Maisha MC-k ska musika talde bat sortu zuen, Skalea, Barakaldoko kontserbatorioko musikariekin batera. Talde honekin hainbat kontzertu eman zituen. Baina laster bueltatu zen hip hop kantak idaztera, ska musika alde batera utzita. 2007. urtean grabatu eta argitaratu zituen bere lehenengo kantak: Intro, Eklipsea, eta Ibtisamah. Kanta hauek euskaraz grabatu ziren. Maisha MC-ren euskararekiko konpromisoa oso estua izan da betidanik, nahiz eta ingurugiro erdaldun batean jaio eta hazi. Bere aitite Ermiñi Iza, gudaria zen, baita Barakaldoko lehenengo euskara irakasle klandestinoa frankismoan. Maisha MC-k ez zuen bere aititea ezagutu, baina berarengan influentzia handia izan zuela adierazi du hainbat elkarrizketetan.

2006.urtean, 121 krew-ko Endika Lahaine ezagutu zuen, eta handik gutxira abesti bat grabatu zuten batera, eta kontzertuak ematen hasi ziren, Aritz Sound System, Selektah Kolektibo taldearen sortzailearen gidaritzapean. Bertso hop kontzertuak ematen zituzten garai hartan, euskarazko hip hopa eta bertsolaritza fusionatuz.

2006.urtean lehenengo hip hop musika ekoizpenak egin zituen. Garai honetan 3 diska grabatu zituen 121 krew taldearekin: Guztiok Bat… Euskal Rap! (2009), Hiriaren Taupadak (2011) eta Mahatsen Denbora / Azken Afaria (2016). 200 kontzertu baino gehiago eskaini zituen, Manu Chao, Violadores del Verso, edo Tote King bezalako artistak teloneatuz. 2012. urtean, Mondosonoro musika aldizkariaren arabera, “121 krew euskal raparen errege ziren, Norte Apache eta Kodigo Norterekin batera”. Esne Beltza taldearekin ere kolaboratu zuen zenbait zuzenekotan rapeatzen baita kanta bat grabatzen beraien Freedom diskarako. Break on Stage hip hop festibal handiaren aurkezlea ere izan zen 2012. urtean. 2014. urteaz geroztik Maisha MC Taupaka elkarteko kidea da.

2006. urtetik, Maisha MC Erresuma Batuko Cambridge hirira joan zen bizitzera. 2016. urtean 121 krew rap taldeak amaiera eman zion hamasei urteko ibilbideari, Mahatsen Denbora / Azken Afaria disko bikoitza kaleratuz. Urriaren 15ean izan zen kontzertu hori, Bilboko 7 Katu gaztetxean.

  1. urtetik, Maisha MC Kalifornian bizi da, San Frantzisko hirian.

Maisha MC-k Euskal Herriko musika tradizionala berritu du eta hip hop dantza pista “millennial”-era ekarri du. Maisha MC-ren lehenengo bakarkako diska da hau, disko kontzeptuala alegia. VMME SAHAR, proto-euskarazko aurkitutako hitz zaharrenak dira (ume zahar, edo seme nagusia). Nafarroako ilobi batean topaturiko bi hitz horietan hasi zen diskaren kontzeptua garatzen. Maisha MC-k, hanka bat du kultura berrienetan –hip hop, street art, eta abar–, eta ume baten energia du, esplosiboa da (VMME). Aldi berean, beste hanka bat du bere kultura aintzinaren defentsan –euskara, euskal instrumentuak, eta abar– (SAHAR). Maisha MC, eta bere musika, VMME SAHAR da. Benetazko hibridoa, diska futurista da berez.

Estatu Batuetan hip hop produktore mitikoak (Dibia$e, Lord Finesse, Waahiid, Large Professor, Exile…) pertsonalki ezagutu ditu, baita hip hop artista erraldoiak zuzenean ikusteko aukera izan du (Wu Tang clan, Eric B & Rakim, De La Soul, A$AP Rocky, Madlib, Souls of Mischief, Warren G…). Kalifornian bizitzeak izugarrizko inspirazioa izan da Maisha MC-ren musikan, hip hop baseak egiteko doktoretza bat izan da berarentzat. Bere soinua eta base musikalen bikaintasunean somatzen da, izugarri du belarria Maisha MC-k.

VMME SAHAR, Maisha MC Euskal Herritik, Martera egin nahi duen bidaia da. Kaliforniako geltokitik botatzen digu Maisha-k 10 kanta hauek.