Era askean dantzatzen dugu, sound systemaren erritmora espazioak askatzen , legez kanpo autogestionatuz”

Suaia sortzaileak “Legez Kanpo Dantzan” deituriko EP berria aurkezten du, bere lan berriaren barruan aurkitu dezakegun abesti baten bideokliparen laguntzaz.

Suaiak, lan berri honetan, lau abestiz eta lau bertsioz osatutako EP bat aurkezten du, sound system-era zuzendutako diskoa, reggae-dub edota stepperretik ragga-jungle-era doana.

Klikatu irudian diskoaren fitxara joateko eta deskargatzeko!

Sortzaileak, bere bakarkako lehenengo erreferentziatik “Mundua Salgai”, 2017.urtean “Piztu! Mixtape” lana eta single ezberdinak kaleratu ditu. Gaurkoan, “Legez Kanpo Dantzan” lan berria aurkezten du. Sortzailearen aburuz, “askatasun murrizketak eta errepresioaren garaia bizi dugu, zentzura eta jazarpen ideologikoarena, hainbat pertsonarentzako bat ere berririk ez dena. Normaltasunez jokatzen dugu. Horregatik, sound systemak transmititzen dituen baloreak omendu nahi izan ditut, hau da, askatasuna eta autogestioa, eta era berean, autogestioaren bitartez espazioak eraldatu eta askatzen dituzten pertsonak ere omendu”.

Lan osoa Suaia “askapensound” ezizenarekin produzitu egin du, “Ez zait inporta” abestia izan ezik, Euridiarekin batera ekoiztu duena. Disko honen grabaketa Laga estudioan burutu da eta nahasketa eta masterizazioaz Ibon Larruzea arduratu da Euridia estudioan.

Lan berri honetan, “Piztu! Mixtape” lanean agertzen diren hiru abesti aurkitzen ditugu, baina oraingoan bertsio peto moduan aurkezten dira, bakoitza erremixa edo dub bertsioarekin batera. Bestetik, “Ez zait inporta” abestia aurkitzen da, “mass media eta Ibexeko 35 lapurrak” kritikatzen duen abestia hain zuzen ere, Eduardo Galeanoren hitzek zabaltzen dutena.

Bere lan berriarekin batera, Suaiak “Hemen eta Orain” abestiaren bideoklipa aurkezten du, Tiro Pun Ekoizpenak sortutako bideoa eta Jessica Brunet boxeolariaren elkarlana duena. Ragga-jungle estiloko kanta iluna eta subertsiboa dantzatokira zuzenduta.