Beste maitasun poema bat idatzi dio.

Luzien detektibearen libreta beteta dago Lilirentzako poemez, eta hutsik susmagarrien izenez. Kalaportu herri tristean, hiltzaileak ere koldar hutsak direlako, eta ez dutelako inor hiltzeko ausardia nahikorik. Liliren burua beteta dago Broadwayn dantzatzeko ametsez, eta hutsik indarrez, adorez, kemenez.

Portuko tabernan zimeltzen dira Lili eta Luzien gau eta egun, Anuskaren piano basati eta lotsagabearen erritmoan, haien patu miserablea madarikatzen. Harik eta begiak ireki eta ingurura begiratu duten arte.

Takoidun Zapata Gorria 20 minutuko iraupena duen antzezlan labur bat da, Piszifaktoria Ideien Laborategitik sortu den bigarren proiektua. Ezohiko gunetan erakusteko obra bat da, ez baitu eszenatoki baten beharrik (nahiz eta eszenatokirako ere moldagarria den). Hartara, antzez-ekintzaren barruan egoteko eta ekintza bertatik bertara bizitzeko aukera ematen zaio publikoari, lanaren pieza bat gehiago balitz bezala.

Gainera, arnas laburreko antzezlana bada ere, lan handien modura pentsatua eta mamitua dago. Horren erakusle da, esate baterako, lau antzezleren lana ikusteko parada izango dugula, bai eta askotariko arte-diziplinak ere: zuzeneko musika, dantza, rapsodia…