Zeberioko taldeak Negu Gorriak edo The Clash taldeen funk eta rockaz gain, Rocio Jurado edo Julio Iglesiasen estilo horterak aldarrikatzen dituzte bere azken lan honetan, Ezpata Dantza split-diskoaren parte dena. Aipatzekoak dira metrika karratuetatik aldentzen diren konpasak, eta azpimarratzekoak sanple eta erritmo kutxekin sortutako bateria lerroak. Dantzarako erronka berria proposatzen dute Zeberiokoek. Kulturaren merkantilizazioaren aurka egiten du taldeak GPK-ko partaideen laguntzarekin. Horrez gain, transzendentalagoak diren hitzak eta musika talde baten eguneroko gora-beherak agerian uzten dituen gaiak dakartza.

Estatu kolpea: Seikotearekin batera GPK-ko Zakil O’Nealen ahotsa entzungo dugu kanta honetan. Afera ustela eta ZTD kanten hitzetan jorratutako bideari eusten diote, eta The Clash-en Magnificent Seven abestiaren funky erritmo gordinak eta Negu Gorriaken bateria sampleatuen erreferentzia argiak entzun ditzakegu bertan. Kantarekin batera Hodei Torresek eta Oskar Gutierrezek zuzendu duten bideoklipa argitaratu dute. Bideokliparen estilismoaz, berriz, Betitxe Saitua arduratu da.

Permutationistêak (Mundu berri bat): Betiko erritmo karratuetatik aldentzeko beharra agerikoa da kanta honetan, eta hitzak ere halakoxeak dira, bereziak, permutazioz beteak. Etxahunen ahotsak nortasun berezia hartzen du eta Niko Etxart eta Itoiz taldea ekartzen ditu gogora. Red Hot Chili Peppers taldearen groovez beteriko riffen eragin zuzena du. Euskal Permuthationistên sorrera, eta nola izenen silaben ordena aldatzeak burua galtzera daramatzan.

Bidean: Musika talde baten gora-beherak, kontzertu aurreko ordu luzeak, errepidea, soinu probak… Musikariek, ordea, maite dute bizimodu hori: sorkuntza lana, entseguak, emanaldiak… Azken batean, kontzertu egunen eta musikarien bizimoduaren beraren arteko paralelismoa da kanta. Estilo eklektikoa.

Zugana: Jauzi batez zerura abiatzea. Soiltasuna. Hitz bat bestearen atzetik josi eta berez sortu da edertasuna. “Ni”a eta kosmosaren arteko mugak ezabatuz, izate-eremua bezain handia den amodioa. Erromantizismoz beteriko 80ko hamarkadako pop doinuak erritmo kutxa eta pad sintetizadore klasikoak nahastu dituzte.

Aizkorak Zorroztu & the Mia Wallace band-ek diskoan egindako abestiak jabego eskubide guztiak babestuta dituztenez ezin ditugu gure webgunean argitaratu.

deskargatu