Project Description

Nagorek beldurrak gaindituz, salaketa jartzea erabakitzen du. Orduan hasten da Nagoreren bigarren ametsgaiztoa. Epaiketan zehar bizi eta sufritutakoak kontatuko dizkigu antzezlan honek, baita gizartearen partetik jasotako epaiak ere.

Fikziozko antzezlan honek, errealitatean gertatutako hainbat bortxaketetan du oinarria. Interneten denon eskura eta ikusgai dauden epaiketa ezberdinetako testigantzetatik atera dugu informazioa.

Bortxaketa bat pairatu duen emakume bat da (Nagore) antzerki testu honen protagonista. Honek erasoari eta horren ondorio zaileei, nola aurre egiten dion jasotzen da bertan eta epaiketaren bizipena nola bizi duen erakusten dugu antzezlanean.

Bere hausnarketak, galderak, zalantzak eta beldurrak azalduko dira, bortxatua izan den unetik, salaketa jarri, albiste bihurtu, deklarazioak prestatu, epaiketa nola bizi eta epaia jaso bitartekoak.

Publikoak zuzenean eta gertutik ikusi, entzun eta sentitu ahal izango ditu Nagoreren bizipenak. Publikoa gertu, eszenatokia inguratuko dute publikoaren aulkiek. Antzezlana erdian taularatuko da eta 4 baflez inguratuta egongo da publikoa.