Josuren abestiak freskoak eta argiak dira, bizipoza transmititzen dute. Ibilbide luzeko musikari honek melodiak eta erritmo ezberdinak lantzen ditu, beti ere modu hunkigarrian abesti sinple bezain ederrak konposatzen. Ahotsaren disdira eta xarma, gitarra jotzeko modu hunkigarria zein kantuen indarra dira nagusi eszenatokian.

“Akorde txikiak” bandarekin elkarlanean zuzeneko ezberdina eta originala plazaratzea lortu du: melodikoa, dinamikoa eta erakargarria. Songwriter edo kantautore estiloaren oinarritik abiatuz, pop, folk, swing, bluegrass eta beste hainbat erritmo jorratzen dituzte.

Grabazio guztia zuzen-zuzenean egin dute Urdulizko Tio Pete estudioetan, zuzenean jotzen aritu dira sesio akustikoetan. Bitxikeri bat azpimarratzeko, grabaketa egunetan soilik estudioan erabili den koladun piano bat alokatu dute. Horrez gain, musika estilo ezberdinen eragina nabaria izan da, batez ere pianoa, kontrabaxua eta bateria-joleen lanean jazz, swing edota bluegrass ikutuak folk eta pop estiloekin nahastuz. Abestien hitzetan eta melodietan ardatz poetiko argiak sumatzen dira, eta oinarri literarioak letra ezberdinetan igarri daitezke. Horrez gain, kantuegileak gai anitzak jorratzen ditu: batzuk nahiko xelebreak: aitatasuna eta deskonexio teknologikoa, adibidez. Beste batzuk ohikoagoak euskal kantagintzan, adierazpen askatasuna eta zenbait gai sozial edo politikoak hizpide dutenak, esate baterako. Diskoa Taupaka Elkartearekin publikatuko dute.

Bergararen bandan esperientziadun musikariak daude: Nerea Alberdi, bibolinjolea eta konpositorea; Mikel Nuñez pianojolea; Irati Bilbao abeslaria; Daniel González baxujole eta kontrabaxujolea; Lüi Young gitarjolea eta Txema Arana baterijolea. Produkzio musikala bilboko Dr. Maha´s Miracle Tonic taldeko abeslariaren ardura izan da: David Sanchez Damián. Bestalde, grabaketa estudioaren teknikaria Unai Mimenza izan da.

Abesti-zerrenda:

1. Astelehen arrunta
2. June
3. Udaberriko haikuak
4. Txoria dator esatera
5. Gure ahotsa
6. On/Off
7. Gaur goizean
8. Etxe honetan
9. Egune amaitzen danien
10. Asunak

 

deskargatu