Bi herrien arteko zubia, Venezuelan aurrera eramaten ari den prozesu eraldatzailearekin elkartasuna adierazteko kantua izan nahi duena. Bilduma, Euskal Herriko zein Venezuelako raperoen doinuaz osatua dago. Guztira 14 elkartasun eta erresistentzia abesti.

Rap musika, auzoetako CNNa zela aipatzen zuen Public Enemy taldeko burua den Chuck D-k, halaber, historia liburuetako pasarteak edota idatzitako edozein kronika baino hobeak omen direla hainbat abesti. Hain zuzen, mapetan ageri ez diren lehen lerroko eta kalean bertako borroka askoren testigantza zuzenak besterik ez dira.

Venezuelak orain dela 10 urte baino gehiago amerikar kontinentea astinduko zuen eraldaketarako prozesua jarri zuen abian. Zehazki, justizia eta duintasun egarri zeuden izenik gabekoen Iraultza. Horrela, Venezuelako hip-hop aldarrikatzailea kale-kantoietan zehar zabaldu da, txirotutako auzoetan, eraikuntza iraultzaile guzti hau babestuz eta bultzatuz: auzoetan rap-eskolak eta tailerrak eraikiz, mintzaira berriak sortuz, auzoan lan eginez, kontzertuak eskaintzen, mezua zabaltzen…

Hertzainak taldeak 1991an ekoiztutako “Mundu berri bat daramagu bihotzean” disko aintzindariaren ostean, berriz ere disko berri bat kaleratuko du Komite Internazionalistak erakundeak. Oraingoan ez du bakarrik egiten, azken urte hauetan sortutako harreman, borroka eta elkartasun sareen ondorioz, bi kide topatu ditu abentura berri hontarako.

Alde batetik, Hip-Hop Revolución kolektiboa dugu, alegia, Venezuela eta kontinente osoko eraldaketa prozesuaren hedapenerako eta protestarako tresna gisa hip-hop musikaren kultura erabiltzen duten ekintzaile talde konprometitua.

Era berean, Causa, Venezuela berri honetan jaiotako herri kultura eraldatzailearen bozgorailua dugu, hip-hopa ardatz nagusitzat hartzen duelarik. Honen bidez, Euskal Herria eta Venezuelaren arteko soinudun zubi honetan zazpi talderen ekarpena uztartzen da, hain zuzen ere, dagokien garai eta tokiarekin bat egiten dute zazpi abestiz osaturiko diskoan: Hugo Chavezen heriotza, borroka feminista, herri boterearen eraikuntza, oroimenaren berreskurapena edo faxismoaren aurkako borrokaren inguruko istorioak dira auzoetako erritmo kutxa astintzen dutenak.

Eta beste aldetik Taupaka, autogestionatutako herri kulturarako euskal erakundeak, Euskal Herriko rap talde desberdinak batu ditu, proiektuarekin konprometituz. Haien arteko elkarlanaren bidez, zazpi abesti berri sortu dituzte disko honetarako, alegia, proiektuari balio erantsia ematen diolarik.

Gainera, guzti hau gutxi balitz, bi herrialdeetako gerrila musikalak indarrak batzeko asmotan, “Pa’lante!” abestia erdietsi dute elkarrekin.

CD berezi honen diseinu lanak ere partekatuak izan dira, handik eta hemendik. Alegia, Venezuelako Comando Creativo delako diseinu grafikorako eta komunikazio-gerrilarako kolektiboaren eskutik datorkigu portada, eta barnekoa, berriz, Komite Internazionalistetako militanteen eskutik.

“Pa’lante”, Venezuelari zuzendutako herri mugimenduaren doinuak dira. Utopiaren bidean eraikitzen, maitatzen, borrokatzen, sortzen, dantzatzen eta tinko ibiltzen duen herriaren doinuak.

Mundu hobeago baten alde behetik borrokatzen dutenentzako doinuak.

Elkartasunaren eta auzoetako Bemba Irratia, berriz ere, erasoan dugu!

Abesti-zerrenda:

01 Pa’lante – Alumnos de las calles, Endika La Haine, Rayco eta Askapen Sound Sistema
02 No volverán – Gregory Palencia, Zapato Mc eta Dejavu
03 Kontatzen doguzenak – Daddy Jeff, O ́Zeber eta Maisha Mc
04 Guerreras unidas – Mc Anarkia
05 1 Love – Bad Sound System eta Sorkun
06 Hijo de lobo caza – Arte y esencia
07 Itota – Askapen Sound Sistema
08 Lucha – Sucre Mc
09 Urtarrilak 23 – Norzzone, Norte Apache eta 121Krew
10 Patriotas – Area 23
11 Kapitalismoaren Apokalypsia – Toastibarre, 2zio eta MAK
12 Nuestro Juramento – Muchocumo
13 Anai Nagusia – Goienetxe Anaiak
14 Vamos, Baquine pal Comandante – Intifada

deskargatu
Spotify
Itunes
erosi