Abestien letrei dagokionean, Estatua, kapitala edota bizimodu pasiboa ditu inspirazio iturri Mr. Pongo Bandek, esaldi bakoitzaren mezua zorroztuz musikagintzak dakarren aldarri eta protesta egiteko aukerari heltzen dio estu. Eleanitzak dira testuak gainera, euskara, gaztelera, ingelera eta alemaniera uztartzen baititu poesiaren bitartez, beti ere ekintza zuzena garatzeko asmoz. Captura de pantalla 2017-09-13 a las 21.18.45

Hainbat zailtasun izan ostean, gogo biziz aurkezten dute beraien fruitua zazpi mutilek -Bittor bateria, Agirre baxua, Arana gitarra, KimoSoundz DJ, Iker tronboia, Iñigo tronpeta eta Markel teklatu eta ahots nagusia-, beraien lehen lan diskografikoa kaleratu baitute eta kolaborazio berezi askoz josirik kaleratu ere.

Hiru dira diskoan kolaboratu duten lagunak, lehendik ere koloretsua zen lanari are bizitasun gehiago emanez bakoitzak bere nortasunarekin. Lehen abestian, Askatasun Garrasia izenekoan hain justu, Ane Legarreta abeslaria aurkituko dugu. Fight The Power kanta indartsuan, aldiz, Gorka Suaia aritu da bere ekarpena egiten. Eta azkenik, Ez Etsi! kortean Juantxo Arakamak hartu du parte abestiari hain esanguratsua den bere ahotsa jarriz.

Ez Etsi! kantua orain arteko “letrarik onenetakoa” bezala deskribatu du taldeak. Iraultzaren inguruan mintzatzen da, iraultzaren borrokan sekula amore ez emateaz, inoiz ez etsitzeaz, hain justu. Hori dela eta, “Ez etsi!” abestian oinarritutako Lyric Video bat egin zuten, aurrerapen kantuaren promozio bideoa dena.

Lan diskografikoa 2017ko apirila eta maiatza artean izan da grabatua Arturo Castañeda teknikariarekin Arrigorriagako MAR24 Estudioan, eta nahasketa eta masterizazioa maiatza eta uztaila bitartean egin dituzte Arturo teknikariaren eta taldearen artean. Diseinuari dagokionez, Oihane Zunzunegi eta Mr. Pongo Band taldea arduratu dira elkarlanean zeregin horretaz.