Josu Bergara eta Akorde txikiak taldearen “Asunak” proiektu berriaren lehen bideoklipa: Astelehen arrunta

Abeslari bizkaitarrak “Akorde txikiak” bandaren laguntzaz bosgarren diskoa argitaratuko du laster. Lan honek “Asunak, Bide-bazterreko melodia sendagarriak” izenburua izango du eta aurrerapen gisa “Astelehen arrunta” abestia plazaratu dute.

Grabazio guztia zuzen-zuzenean egin dute Urdulizko Tio Pete estudioetan, zuzenean jotzen aritu dira sesio akustikoetan. Bitxikeri bat azpimarratzeko, grabaketa egunetan soilik estudioan erabili den koladun piano bat alokatu dute. Horrez gain,  musika estilo ezberdinen eragina nabaria izan da, batez ere pianoa, kontrabaxua eta bateria-joleen lanean jazz, swing edota bluegrass ikutuak folk eta pop estiloekin nahastuz. Abestien hitzetan eta melodietan ardatz poetiko argiak sumatzen dira, eta oinarri literarioak letra ezberdinetan igarri daitezke. Horrez gain, kantuegileak gai anitzak jorratzen ditu: batzuk nahiko xelebreak: aitatasuna eta deskonexio teknologikoa, adibidez. Beste batzuk ohikoagoak euskal kantagintzan, adierazpen askatasuna eta zenbait gai sozial edo politikoak hizpide dutenak, esate baterako. Diskoa Taupaka Elkartearekin publikatuko dute.

Bideoklipari dagokionez, Ane Pikaza aktorea izan da protagonista nagusia, Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar bideogileen gidaritzapean. Bilbo hiria bideokliparen eszenatokia izateko aukeratu dute.

Bergararen bandan esperientziadun musikariak daude: Nerea Alberdi, bibolinjolea eta konpositorea; Mikel Nuñez pianojolea; Irati Bilbao abeslaria; Daniel González baxujole eta kontrabaxujolea; Lüi Young gitarjolea eta Txema Arana baterijolea.  Produkzio musikala bilboko Dr. Maha´s Miracle Tonic taldeko abeslariaren ardura izan da: David Sanchez Damián. Bestalde, grabaketa estudioaren teknikaria Unai Mimenza izan da.

Cookie-ak erabiltzen ditugu, baina datu pertsonalak ez ditugu gordetzen [informazio gehiago] ACEPTAR

Aviso de cookies