Josu Bergara musikariak bere azken bideoklipa estreinatu du:  “Gure ahotsa”.  Bakarlari bizkaitarrak 2018ko ekainean bosgarren diskoa aurkeztu zuen “Asunak” (Taupaka Elkartea) izenburuarekin eta oraingo hau diskoaren bigarren bideoklipa da.
Akorde Txikiak bandaren laguntzaz Amurrio Antzokian grabatutako ikus-entzunezko pieza berri honen egileak Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar izan dira. Ion Martinez Esnaola “Txiki” aktorea bideokliparen protagonista nagusia izan da. Donostiako aktoreak rol edo paper ezberdinak jokatu ditu (burokrata, polizia, diputatua, epailea…) askotan ekimen kultural zein sozialak jasan behar dituzten trataerak salatuz.
Abesti honetan, tangoaren erritmoa eta doinu bereziak lirika eta umorearekin uztartu dira, kritika politikoa adierazteko.
Josu Bergara Aretxabaleta (Ea, Bizkaia 1979) musikaria zortzi urterekin Billboko Kontserbatorioan musika ikasten hasi zen. Biolontxeloa, armonia eta beste ikasketa batzuk burutu ondoren, 18 urterekin gitarra lehen aldiz hartu eta abestiak konposatzen hasi zen. Bost disko argitaratu ditu “Karramarroen Hiria” (2006), “Nora Zoaz” (2009), “Katiuska Gorriak” (2012), “Kanta Txikien Indarra” (2015) eta “Asunak” (2018), azken hirurak Taupaka Elkartea sortzaileen zigilupean Euskal Herriko ehundaka eszenatokietan aritu izan da, bakarka zein beste musikari askoren laguntzaz. Horrez gain Bartzelona, Madril, Valentzia edota Londresen ere kontzertuak eskaini ditu. Sari ezberdinak jaso ditu konpositore, olerkari eta egile gisa.

Josuren abestiak freskoak eta argiak dira, bizipoza transmititzen dute. Ibilbide luzeko musikari honek melodiak eta erritmo ezberdinak lantzen ditu, beti ere modu hunkigarrian abesti sinple bezain ederrak konposatzen. Ahotsaren disdira eta xarma, gitarra jotzeko modu hunkigarria zein kantuen indarra dira nagusi eszenatokian. “Akorde txikiak” bandarekin elkarlanean zuzeneko ezberdina eta originala plazaratzea lortu du: melodikoa, dinamikoa eta erakargarria. Songwriter edo kantautore estiloaren oinarritik abiatuz, pop, folk, swing, bluegrass eta beste hainbat erritmo jorratzen dituzte.