Klikatu irudian diskoaren fitxa ikusteko eta diskoa deskargatzeko!

Josu Bergara abeslari bizkaitarrak “Akorde txikiak” bandaren laguntzaz bosgarren diskoa argitaratu du. Lan honek “Asunak. Bide-bazterreko melodia sendagarriak” izena hartu du.

Josuren abestiak freskoak eta argiak dira, bizipoza transmititzen dute. Ibilbide luzeko musikari honek melodiak eta erritmo ezberdinak lantzen ditu, beti ere modu hunkigarrian abesti sinple bezain ederrak konposatzen. Ahotsaren disdira eta xarma, gitarra jotzeko modu hunkigarria zein kantuen indarra dira nagusi eszenatokian.

“Akorde txikiak” bandarekin elkarlanean zuzeneko ezberdina eta originala plazaratzea lortu du: melodikoa, dinamikoa eta erakargarria. Songwriter edo kantautore estiloaren oinarritik abiatuz, pop, folk, swing, bluegrass eta beste hainbat erritmo jorratzen ditu taldeak.

Grabazio guztia zuzenezko sesio akustikoen bidez egin dute Urdulizen kokatutako Tio Pete estudioetan. “Asunak” diskoaren grabazioa egiteko, koladun piano bat alokatu zuen taldeak. Pianoak diskoan lortu duen soinuaz aparte, musika estilo ezberdinen eragina nabaritu daiteke, kontrabaxua eta bateria-joleen lanean jazz, swing edota bluegrass ikutuak folk eta pop estiloekin nahastuz. Abestien hitzetan eta melodietan ardatz poetiko argiak sumatzen dira, eta oinarri literarioak letra ezberdinetan igarri daitezke. Horrez gain, kantuegileak gai anitzak jorratzen ditu: batzuk nahiko xelebreak: aitatasuna eta deskonexio teknologikoa, adibidez. Beste batzuk ohikoagoak euskal kantagintzan, adierazpen askatasuna eta zenbait gai sozial edo politikoak hizpide dutenak, esate baterako. Diskoa Taupaka Elkartearekin publikatuko dute.

Josu Bergararen bandan esperientziadun musikariak daude: Nerea Alberdi, bibolinjolea eta konpositorea; Mikel Nuñez pianojolea; Irati Bilbao abeslaria; Daniel González baxujole eta kontrabaxujolea; Lüi Young gitarjolea eta Txema Arana baterijolea. Produkzio musikala bilboko Dr. Maha´s Miracle Tonic taldeko abeslariaren ardura izan da: David Sanchez Damián. Bestalde, grabaketa estudioaren teknikaria Unai Mimenza izan da.

Josu Bergara eta Akorde Txikiak taldeak gaur prentsaurreko baten bitartez aurkeztuko du “ASUNAK” lan berria Bilboko Kafe Antzokian.