Fandangoaren Hotsa bideoklip honetan, Euskal Herriko baserritarrei omenaldia egin die kantautoreak. Bideoklipeko protagonista nagusiak eurak dira, belaunaldi desberdinetako baserritarrak. Baserriaren garrantzia eta errelebo beharra irudikatu nahi izan ditu: “Fandangoaren hotsa abestiaren letra Bego Andrés Urresti neska Jatabetarrak idatzi zuen. Bera nire musikaren jarraitzailea da, eta duela bi urte sare sozialetatik nirekin harremanetan jarri zen letra berezi bat idatzi zuela esanez. Abestiaren letra bere aitxitxe eta amuman omenez idatzi zuen eta irakurri nuenean asko gustatu zitzaidan. Hortik jaio zen abestia eta ondorioz, oinarri beretik bideo berezi bat grabatzea pentsatu dugu. Horrez gain, Euskal Herriko baserritarrei omenaldia egin nahi diegu, azken finean, gure kulturaren iragana, oraina eta etorkizuna lurrari lotuta dago, bai gastronomian, musikan, eta beste zenbait adierazbidetan”.

Pasa den urtean kaleratu zuen Kantu Txikien Indarra lanean agertzen da kantu hau, Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatutakoa. Bideoko irudiak, ordea, Bedarona eta Natxituko baserrietan grabatu dira, Ea inguruan. Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar arduratu dira lan honen grabazio eta edizioaz. Aipatu bezala, Josuren azken bideoklipak harrera ezinhobea izan du, astebete baino lehenago 2000 bisiten langa gainditu baitu lan eder honek.