Endika LaHaine, Barakaldon 1982. urtean jaioa, bere lehenengo idazkiak nerabezaroan idazten hasi zen eta Frantziako kaleetan rap-a ezagutu ostean, honen influentzia izan eta musika estilo honetan murgiltzen hasi zen, denbora gutxi batera “121 krew” taldea osatuz hainbat lagunekin batera.

20 urte pasa dira sortzaileak musika munduan murgildu zenetik eta geroztik, proiektu ezberdinen sortzaile eta parte hartzaile izan da (Bunpada Sound, Suaia eta LaHaine, Salbuespunk,…). Gainera, Endikak antzerki munduan ere parte hartu du “Fausto herritar eredugarri” eta “El otro es nosotros” antzezlanetan. Azken honetan, musika sorkuntza beregain hartu zuen Nahiel Ibarrolarekin batera.

Gaurkoan, sortzaileak bere lan berria aurkezten du, liburu formatuan datorrena eta bere bizitzan parte hartu duten olerki guztiak bildu nahi izan dituena. Horretarako, idazketari garrantzia eman eta olerki bilduma osatu du sortzaileak, “Lobo-Otsoa” liburua (Taupaka Elkartea, 2018). Liburuan, olerkiak atalka banandu ditu sortzaileak.

Lehenengoa, “Otso bakartia eta bere kumea” izena hartu duena, Kazuo Koike eta Goseki Kojima mangaka autoreetan oinarrituta dago.

Bigarren atala, “El otro es nosotros” antzezlanerako sortutako olerki guztiak biltzen ditu, Ramun Bareak zuzendutako obra.

Hirugarrenak, Jose Garran margolariak Bilbon egindako erakusketarako sortutako olerkiak biltzen ditu.

Azkenik, azkenengo atalan, sortzailearentzat azken urteetan garrantzitsuak izan diren olerkiak aurkitu daitezke: jaiotzak, agurrak, dudak, biziraupenak,…

Liburua Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da formatu fisikoan eta laster salmenta puntu ezberdinak argitaratuko dira. Gainera, hurrengo asteetan, Taupaka Elkartearen webgunean epub eta pdf formatuan doan deskargatzeko aukera egongo da.