Durangoko Azoka baloratzeko eguna heldu denean, askok azokaren emaitzak salmenta eta erosketaren inguruko ohiko irakurketa egingo dute. Zeinek saldu dituen disko edo liburu gehiago lehia bizian aldarrikatzen arituko dira. Taupaka Elkartetik ordea, zenbakien balorazio hoietatik aldentzea aspaldi erabaki genuen. Izan ere, salmentei buruzko deklarazioak urteetan entzun ditugu, eta dagoeneko, jakin badakigu ez dutela berebiziko garrantzirik. Datu esanguratsuak batzuentzat. Zifra sinesgaitzak eta hitz hutsak guretzat.2016kouzta_taupaka

Gure helburu nagusia Euskal Herrian kultur eredu alternatiboa eraikitzea da. Euskaraz, lizentzia irekiekin (copyleft, creative commons) eta autokudeaketan oinarritutako eredua. Horregatik, sortzaileon lanak argitaratzen ditugun lehen egunetik zuzeneko deskargak baliatzen ditugu www.taupaka.eus webgunearen bitartez. Bide beretik, kultur esparrutan egiten diren hainbat ekimenetan parte hartzen dugu  edo zuzenean hoiek antolatzen aritzen gara. Adibide gisa, 2016 urtean Taupakako sortzaileak 500 kontzertu, antzerki edota ekitaldi baino gehiagotan ibili gara.

Horregatik, gure ustez, 2016. urteko edizioan egin dugun ekarpenik handiena www.sortzaileaskeak.eus webgunea zabaltzea izan da. Azokaren lehen egunean aurkeztutako webgune berri honen bitartez Euskal Herriko sortzaileon gida irekia osatuko dugu. Era honetan, antolatzaileak zuzeneko kontzertu, ekimen edota proiektu ezberdinak martxan jartzeko sortzaileokin harremanetan jartzeko aukera izango dute.

Taupaka elkartea: bost urteko bide oparoa
Aurten elkarteak 5 urte bete ditu eta 40 sortzaile baino gehiago gaude bertan, ohiko argitaletxe eta disketxeentzat alternatiba duina eta egonkorra osatuz. Ibilbide artistiko luzea duten sortzaileak zein hasiberriak aurkituko dituzue Taupaka Elkartean: La Basu, Siroka, Solte, Josu Bergara, Gorka Suaia, Norte Apache, 121 Krew… baita beste disziplina artistiko batzuetan dabiltzatenak: Aldatzen Laguntzen antzerki taldea, Enaitz Ipuin kontalaria, Puski eta Txurruski: sudurkeriak sorkuntza taldea… eta beste asko.

Elkarteak zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkie kideoi (management, komunikazioa, finantzazioa, publizitatea, diseinua, produkzioa) beti ere lankidetza kooperatiboaren ikuspegitik. Erabakiak asanbladetan hartzen ditugu eta gure erronka lan profesional teknikoa eta kalitatezkoa burutzea da.

Bost urte bete ditugu eta  kultur sare erraldoia pixkanaka sortzeko gogoz, pauso txikiak eta isilak ematen jarraituko dugu. Gora kultura askea!