Euskarazko hip hop-a Kaliforniara heldu da. Maisha MC (121 krew, Patrol Destroyers) San Francisco hirira joan zen bizitzera duela urtebete. Bertan, LP berria prestatzen ari da Estatu Batuetako eta Euskal Herriko kolaboratzaile desberdinekin. “Baraka X Frisco”, Maisha MC-k berak ekoiztutako beat honetan, Endika Lahaine (121 krew, Bunpada Sound) rap kantariaren eta Jeff Quinn Massachusetts-eko kitarra-jolearen laguntza izan du.
Maisha MC-k, Londresen eta Bilbon zinemagintza ikasi eta gero, Kalifornian bertan filmatutako bideoklipa aurkezten digu oraingoan, San Francisco hirian eta Stockton-eko errepide alboko motel batean hartutako irudiekin. Euskarazko hip hop-eko pertsona ospetsu desberdinen umetako argazkiak erakusten ditu (121 krew, Norte Apache, Nizuri Tazuneriko kideak). Barakaldotik San Franciscora joan arren, denbora pasatu arren, adiskidetasuna eta euskarazko hip hop-a gertu sentitzen ditu Maisha MC-k. Gozatu ikus-entzunezko artelan ilun eta itxaropentsu honekin.