Hamaika urteko proiektua egin ostean eta bi lan argitaratu ostean, taldeak bere ibilbideari amaiera ematea erabaki du.  Horretarako, bi agur kontzertu antolatu ditu Ugaon eta Basaurin.

Nerbioi ibaiaren ertzetik, musikaren bitartez, sistemak inposatutako maskarak kentzeko ahaleginetan elkartutako bost lagun osatzen dute Zein da Zein? taldea. 2009.urtean sortutako taldeak bi disko fisiko argitaratu izan ditu: “ZeinDaZeIN?” (Taupaka Elkartea, 2009) eta “Elefante Txuria” (Taupaka Elkartea, 2016). Disketan eta baita zuzenekoetan erakutsi duten moduan erritmo astunak, rap, rock eta metalaren ildotik jorratutako kantuak izan dira sortzaile talde honen esentzia.

Hamaika urteko ibilbidea garatu ostean, taldea desegitea erabaki dute ZeinDaZein?eko kideek eta horretarako komunikatu berezi bat prestatu eta bi kontzertu antolatu dituzte Ugaon eta Basaurin.

Hona hemen taldearen komunikatua:

Jakingo duzuenez, ZeinDaZein? urte batzuk koma egoeran daramatzan 11 urteko munstro txikia da. Arnasketa makiña batera konektatuta mantendu dugu, bere funtsezko seinuak kontrolatzen dituen zundaz eta kablez inguratuta eta botika lasaigarriz mina baretuta. Bere bizitza baldintza ahul hauetan mantentzeak ez luke bere osasun egoera hobetuko, ziurrenik soilik txarragoa bihurtuko luke…

Horregatik 11 urteko proiektu honen gurasook, eztabaida sakonik gabeko hizketaldi baten ondoren, proiektuari eutanasia aplikatzea erabaki dugu. Duintasunez amaitu nahi dugu bere bizitzaren sufrikarioarekin eta horretarako bere azken uneak lagunez inguratuta pasatzeko bi agur kontzertu antolatu ditugu.

Lehena Basaurin izango da otsailaren 21ean, Txarraska gaztetxean igarotzen bait zituen udako oporrak gure munstrotxoak, txikia zenean.

Bigarrena, Ugaoko Herriko Tabernan izango da Martxoaren 7an, jaioterrian, hazten ikusi duen herrian eta tabernan.

Bi kontzertuetan ZeinDaZein? bere anai nagusiaz lagunduta egongo da, Feos Pero Majos taldeaz. Basaurikoan gainera anai txikia ere batuko zaie, Fetitxe taldea.